XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Havelek konprenitu zuen bat-batean dena zitzaiola zilegi, dena zitzaiola aurretiaz isilean prometatua.

Alabaina, gerta ohi denez, inor, pozik dagoenean, jostatu egiten da eskaintzen zaizkion aukerak harro-harro errefusatuz, saturapen zoriontsuan bere burua birbaiezteko.

Havelek aski zuen neska ilehoriak bere eskuragaiztasun deskortesa galtzearekin, ahots goxo eta begi umilak edukitzearekin, hola, zeiharka, bere burua eskaintzearekin eta jada ez zion batere desiorik.

Gero ahoz behera jarri behar izan zuen uretatik kokotsa atera eta txurru bortitzari gorputza orpoetatik lepaxerlora zeharkatzen utziz.

Jarrera honi umiltasun eta esker onezko jarrera erlijioso zeritzon: emaztearengan pentsatzen zuen, zein ederra zen, nola maite zuen berak eta bera nola maite zuen hark, eta bere zorioneko izarra zela, kasualitateen eta neska gihartsuen faborea irabazten laguntzen ziona.

Eta masaia azkenetan zegoela, bera, bainontzitik ateratzeko, zutitu zenean, izerdiz garoztatutako masaiaria hain osasuntsu eta mamitsuki ederra iruditu zitzaion, eta haren begiak hain esaneko eta entregatuak, non emaztea urruntasunean susmatzen zueneko tokirantz makurtzea desiratu baitzuen.

Iruditu zitzaion masaiariaren gorputza hantxe zegoela, zutik, aktoresaren esku handiaren gainean, eta esku horrek amodiozko mezu gisa entregatzen ziola, erregalia amoros gisa.

Eta brastakoan iruditu zitzaion emaztearenganako deskortesia zela erregalia hari uko egitea, begiramen samur hari uko egitea.

Horregatik neska izerditsuari irribarre egin eta egun hartako gaua harentzat libre utzia zuela esan zion (...).